





Lankidetza eta dibertsifikazioa
Etxeberri Goikoa baserrian ekoizpena, eraldaketa eta salmenta baserritik bertatik aurrera eramateko lantaldea osatuta dugu eta beste baserri batzuekin kooperazio maila ezberdinak dauzkagu: sare bat dugu elkar babesteko.
Alde batetik, Behieko markaren barruan, hiru baserri txikitan gauzak egiteko modua partekatzen dugu, eta hiruren artean behi esneki sorta zabala eskaintzen dugu. Altzoko baserrian Fermin eta Gregorioren esnea erabiltzen dute jogurta egiteko; Olaberriako esnearekin, berriz, Behieko gaztak egiten ditugu.
Bestalde, gure txekorren haragia bost kiloko paketeetan saltzen dugu eta behien kasuan, Goierriko beste bost ekoizleekin batera Goieko haragia bezala merkaturatzen dugu okela.
Horretaz gain, hainbat herritako kontsumo talde, herriko denda zein kooperatibetan parte hartzen dugu herritarrekin batera, bertako garapen iraunkorragoa eta bidezkoagoa bultzatzeko asmoz. Gure produktuak eskaintzen ditugu: gaztak eta esnekiak, txekor haragia, oilaskoak, arraultzak,..
Elikagai osasungarri eta zaporetsuak
Kalitatea neurtzeko garaian fokua produktutik kendu eta ekoizpen prozesuan jartzea beharrezkoa dela uste dugu. Horrela, elikagaiek gure osasunean, ingurumenean eta gizartean duten eragina errazago ikusten da.
Osasun ikuspegitik larrean oinarrituta eta eredu ekologikoan ekoiztutako esne zein haragiak, hondar kimiko arrastorik ez izateaz gain, gantz-profilaren ikuspegitik, azido linoleikoaren kontzentrazio handiagoa dute baita omega-3 serieko gantz-azidoak, α-linolenikoa buru dutenak, eta omega-3 eta omega-6 gantz azido guztien arteko ratio txikiagoa ere: hori oso mesedegarria da gure dietan. Antioxidatzaile liposolubleen edukian ere joera bera ikusten da, alfa-tokoferola, β-karotenoa eta luteina kontzentrazio handiagoak erakutsiz.
Eduki hauek eta eraldaketa artisauak, zaporean, usainean, testuran eta itxuran eragina dute, esneki zein haragiari benetakotasuna emanez.
Gure ekoizpen prozesuetan baserriko bioaniztasuna eta izaera eraldatzailea lantzeaz gain, kanpotik ekarri beharrekoen eraginak neurtu eta hobetzeko saiakera etengabekoa da.
BEHIEKO GAZTAK - Behi-esneki ekologikoak
Behieko gaztak






